baratza digitala

Suaren inguruan

Gizakiok berezkoa dugu parte garela sentitzeko beharra. Parte izateko modu hori jasotako hezkuntza, ingurua… formateatzen joaten da.

Identitateak ezinegon asko sortzen du gizakiongan. Batzuetan, banaketak ere eragiten ditu, ezin dugulako jasan beste baten identitatearen baitan dagoen mundu ikuskeran ulertezinak suertatzen zaizkigun eta gure bizitzak gidatzen dituzten balioetatik asimetrikoak diren jokabideak. Zoritzarrez, eremu digitalean ardura horiek partekatzen dira, eta aniztasuna arazo gisa planteatzen da: eztabaidarako eta hausnarketarako lekuak suntzitzen doaz, haustura bilatzen da.

Mundua ulerterrazagoa zen txikia nintzenean (ez horregatik hobea), aniztasun gutxi zegoelako, denok antzeko mundu-ikuskera partekatzen genuelako. Egun, tokikoa ere anitza da, eta bizi ditugun lurraldeetan gorputz anitzek espazio bera partekatzen dute. Antzeko beharrak ditugu (elikadura, babesa…), baina bihotz guztiak ez dira parte sentitzen. Pertsona asko bakardadean murgiltzen da eta mundu berriak sortzen dituzte, isolaturik ez geratzeko. Hainbatetan, ordea, munduen arteko elkarrizketak ematen dira, beti dagoelako entzuteko prest eta ikasteko irekia dagoen jendea, zarataren gainetik hegan egin dezakeena.

Asteburu honetan, txitxi-burduntzi (Durangaldean) eta txitxi-burruntzi (beste hainbat lekutan) ospatu dugu herri ugaritan. Gure ikastetxean, bizitzaren errealitatea kudeatzeaz leporarte dauden gurasoek antolatu dute. Ikastetxean, azken urteetan errealitate berdinean garen baina mundu ikuskera ezberdinak ditugun pertsonak ospakizunean parte hartzeko modua asmatu da: komunitate musulmanak, txorizoak beharrean oilasko eta txahal saltxitxak jarri ditu sutan. Txitxi-burduntzia txerriaren hilketari lotuta sortu bazen ere, oparotasun momentu bat partekatzea zen ospakizunaren muina. Horrela jarraituko du izaten txorizo nahiz oilasko saltxitxekin, edota saltxitxa beganoekin. Suaren inguruan harreman aukerak zabaldu dira gure ikastetxean.