Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek argudiatzen duena: AEBetan fentanilo drogari lotuta duten arazo larria hiru herrialde horiek sortu dutela; Txinak eta Kanadak fabrikatzen dutelako, eta Mexikok banatzen duelako. Interesgarria litzateke aztertzea zergatik zabaldu den hainbeste fentaniloaren merkatua AEBetan.
Horrela gauzak, badirudi kanpokoa den oro mehatxu bilakatzen ari dela AEBetako lehendakari eta bere jarraitzaileentzat, eta horren inguruan neurriak hartzen ari dira: herrialdean sartzeko bisak zorrozten, aipatutako muga-zergak ezartzen, mehatxu diren herriak bonbardatzen azalpen askorik gabe… Badirudi zenbaitek ez dakiela begitartean etsai bat izan gabe bizitzen. Ez ote dabiltza munduan ziurgabetasuna sortzen, barruko arma-industria hauspotzeko? Hainbestetan ikusi dugu istorio berdina…
Baina badute AEBek antzinako itzeltasun amestu hori berreskuratzeko aukerarik? Pentsatzen al dute herri horretako biztanleek industria berpiztuko dela kanpotik datorren guztia debekatuta? Eta horrela balitz, aberastasun horretatik zer eskuratuko lukete eurek? Nik ez dut oso argi, beste garai batean gaude, non aberastasuna gero eta esku gutxiagotan batzen den, automatizazioak lanpostu kopuruetan eragin duelako, besteak beste. Ditugun teknologiak eta antolatzeko moduek lanaren zentzua aldatzen dihardute. Beste era batean pentsatzen hasi behar dugu langileok. Bitartean, itzeltasun horrek euren bizitzetan izango duen eraginaz esperantza gutxi duen AEBetako langile digital asko Mexikora doaz bizitzera. AEBetako merkatu digitala ustiatuz eta Mexikoko herrian euren gaitasun ekonomiko handitua gozatuz. León Larregui Mexikoko Zoe taldeko abeslariak honakoa proposatu du sarean: AEBetatik Mexikora lan egitera doazen migranteei bisa eskatzea.