Asteburu honetan ‘estetikoa’ hitzaren inguruan pentsatzen aritu naiz, lagun batek esandako esaldi baten harira: “Lan hau estetikoa da”. Estetikoa hitzaren etimologia aztertu dut, badirudi jatorrian zentzumenen bidez hautematea zela bere esanahia, eta gerora edertasuna bilatzearekin lotu zen. Egungo gizartean, iruditzen zait edertasuna bilatzea eta itxurakeriaren beharra korapilatzen direla estetikoa hitzaren baitan. Nire laguna unibertsitateko irakaslea da eta bere lana estetikoa dela esaterakoan, adierazi nahi zidan bere lanari ez diola zentzu askorik ikusten, burokrazia baita bere egitekoaren gehiengoa, sistema meritokratiko baten barruan.
Estetikoa hitzaren erabilera honek, eremu fisikoan zein eremu digitalean, bizi dugun errealitatean alegia, egiten dugunak duen eraginaren norabideaz dihardu. Munduan eragiteko boterea galtzeaz dihardu. Egungo munduan, adibidez, zaurgarritasun handiena duten kolektiboen (genero aldetik, jatorri aldetik, gaitasun ekonomiko aldetik…) egoera konplexuen inguruan informazio eta datu ugari jasotzen gabiltza, beharrezkoa den lana, baina noraino ez da estetikoa? Gaurko errealitatean noraino du eragina? Boterea dutenek zein kasu egiten diote? Eta kasu egiten diogunok zein agentzia gaitasuna dugu?
Bizi duzun errealitatea estetikoa dela susmatzen baduzu, hau da, sisteman duzun egitekoari ez badiozu zentzu askorik ikusten, errealitateari forma ematen diotenek egiten dituzten ekintzen zentzuan arreta jarri, zergatietan. Soilik hortik aurkituko ditugu eragiteko bideak eta emango ditugu bizitzen dugun errealitatean eragiteko pausoak.