baratza digitala

2025ak dakarrena?

2025erako teknologia aurreikuspenen azterketa arina egin dut. Urtero bezala, medioetan 2025ean teknologiak ekarriko duenaz hitz egiterakoan diskurtsoa oso antzekoa da. Teknologiaz idazten dugun askok badugu etorriko denarekiko gehiago jakiteko larritasuna, berria aurreratzeko beharra, botere eta arrakasta aukerak non egongo ote diren aurreikusteko grina… Baina, loroak bezala, denok ari gara berdinaz hitz egiten: adimen artifizialak, sare sozialentzako lanean, gobernuetan eragiteko erakutsi duen gaitasuna; Trumpen Gobernuaren baitan Elon Musk-ek ekarriko duen gobernu ereduak herritarrengan izango dituen eraginak; Google-n Willow txip kuantikoak suposatuko duena…

Aldiz, mundu teknologikoari lotutako betiko titularrei begiratu beharrean, mundu horretatik kanpo egiten ari denari begiratzea da 2025erako gomendatzen dizuedana. Aniztasun teknologikoaren ideia lantzen ari direnek egiten dutenari; bizitza erdigunean jartzeko bidean dugun teknologiak jokabideetan duen eraginetan arreta jartzen dutenei. Aurreko zerrendan ez bezala, bide honetan izen propio askorik ez da: talde, komunitate, gizarte eragile, sare eta elkarteek ehundutako azpiegitura eta harremanez ari gara. Bizitzari eta bizi dugun planetari teknologiarekin sortu diezaiokegun kaltea ahalik eta txikiena izateko hausnarketa gelditzen ez dutenak, eskubide digitalak babesteko bidean borrokatzen direnak, tokiko azpiegiturak sortuz herritarrak babesten eta ahalduntzen dituztenak, indarkeria eremu digitalean borrokatzen dutenak (pertsonen artekoa, korporazioek eragindakoa eta erakunde publiko eta gobernuetatik datorrena), software librearen alternatiba modu etikoan pertsonei gerturatzen dietenak, arrakala digital berriak sortzen ez dituztenak, dauden arrakala digitalak borrokatzen dituztenak, zaurgarritasun eta bazterkeria digitala borrokatzen dutenak…

Eremu digitalean inoiz baino argiago ikusten da gizartea antolatzen ari dela, beraz, 2025ean eredu hauei jar diezaiegun arreta, bizitza onak izateko bidean berrikuntza interesgarrienak ekarriko dituztenak baitira, eremu digitalean.