baratza digitala

Lagatzea

La linterna de diógenes podkastean Miguel Benasayag-egeri egindako elkarrizketan pentsatzen jarraitzeko ideia anitz aurkitu ditut. Tartean, gizakiok teknologiarekin ditugun harremanen inguruan egiten dituen hausnarketak.
Elkarrizketan, alderatzen da gizakion historian teknologia ezberdinek izan duten eragina eraldaketa digitalak izan dezakeenarekin. Aldaketa teknologiko ezberdinek giza-gorputzetan ekarritako mutazioak eta horiek gizarte eredu ezberdinetan islatzeko moduak. Suaren teknologia gureganatzean, adibidez, gure urdailak egin behar zuen lan gehiena kozinatze prozesuan laga zuen giza-gorputzak, eta soberakin energetiko horri esker burmuina gehiago garatu zen; organo baten gaitasuna galdu genuen, baina burmuinaren handitzeak gerora aukerak ekarri zituen gizakion gizarteotan.

Benasayagek dio, gizakiok tresnekin berezkoa dugula harremanak sortzea, tresnak gure gorputzen hedadura bilakatzeko trebezia dugula. Gure gorputzetara eta beharretara egokituriko tresna sortzaile garela. Baina industrializazioarekin gaitasun hori zapaltzen da kapitalismoa elikatzera bideraturiko makinaren sorkuntzarekin, kapitalismora loturiko makina ez delako tresna, kapitalismora loturiko makinak zenbait gaitasun konkistatu zituen eta gorputzaren desjabetze prozesu bati hasiera eman zion. Ordezkapenik ekarri ez zuen prozesu bati, alegia.

Dugun digitalizazio ereduarekin antzeko fenomeno bat ematen dela dio. Baina oraingoan burumuinaren konkista dagoela arriskuan, kapitalismora loturiko makina digitalek gure gorputzak ez ezik gure burmuinak atrofiatzeko gaitasuna dutela, eta Benasaygek burmuin gutxituez hitz egiten du, konplexutasuna eta esfortzua saihesten dituzten burmuinak, berehalako erantzun bitarraren bila. Gauza da, eraldaketa digitalari loturiko gaitasun lagatze hori bizitzako esparru gehienetan dugula, ez soilik produktiboan. Burmuin kolonizatuak izango baditugu, kapitalismoaren makina digitalera egokituriko prozesuak jarraitzeko gai baino izango ez diren burmuinak baditugu, burmuin gutxituak izango baditugu, zer nolako gizarte ereduak biziko ditugu?