baratza digitala

Kultur bideak

Mexikoko Meridako lurraldean polemika handia izan da aurten, Poseidon jainko grekoaren omenezko eskultura bat jarri delako hondartza batean. Merida Yukataneko penintsulan dago, non Maia herria bere kultura zaintzen saiatzen den, mundu osoko turismo masiboak bultzaturiko eraldaketa harrapakari eta espekulatiboen baitan. Gauza da, Maia herriak baduela urari eta itsasoari loturiko jainko mitologiko bat: Chaac. Ez dut ezer Poseidonen kontra, baina ulertzen dut Maien haserrea, haiekin zerikusirik ez duen iruditeria euren diru publikoarekin eta espazio publikoan jarri delako, bertako kultura aitzindariari inongo arretarik jarri gabe. Horrelakoak gertatzen dira herrietako buruzagi eta langile publikoek abegirik ez dutenean tokiko kultura eta iruditeriarekiko, oraindik klasismoak jota dagoen herri batean. Izaera indigena ahaldundu beharrean, berriro ere bazterretara bultzatzen dute halakoek.

Eremu pribatura bagatoz, berdin gerta daiteke, baina eragina ez da zertan esanguratsua izan. Beharbada haur Maia batek Interneten, liburutegietako komiki mangen bidez… Japoniako kultura ezagutu du eta hango iruditeriaren zale amorratua bilakatu da, beste batek yoga praktikatzen du eta bere ametsa Indiara joatea da meditazioa hobetzeko… Eremu pribatuko esperientzietatik tokiko kulturan eragin daiteke, baina eraginaren erritmoa motelagoa izango da, eraginik badu. Tokiko agintarien esku dago tokiko kulturak tokiko bizitza on baterako duen balioa belaunaldi berriei ondo azaltzea. Gauzak ondo egiten badira, tokiko kulturak izango dituen eraldaketek bertako bizilagunentzako bizitza on bat izango dute erdigunean.

Hezkuntza edozein lekutan edozein momentutan eman daiteke, haurrek ere euren kontzientzia eta aukeramena dute, liluratzeko gaitasun handia dute. Eremu digitalean, liluratzeko aukera asko dago, Poseidon asko dago. Beharbada, guraso gisa, munduko errealitatea itxi ez, baina software librearen eta ezagutza komunitate irekien lanari esker, eskura dauden baliabideekin tokiko mundu ikuskera ulertzeko bidetxoak sortu ditzakegu eurentzako.