baratza digitala

Euskalgintza digital kritikoa

Euskara, eremu digitala den itsasoan ezagutzara eta harremanetara abiatzeko portua da. Adimen artifizialarekin, portu horretatik mundu osoarekin euskaraz harremanetan jartzeko aukera ematen dela dirudi. Euskararen automatizazioa laguntza ederra da belaunaldi berriekin euskal kulturaren transmisioa lantzen dabiltzan hezitzaileentzat. Baina ez da nahikoa. Eremu digitalean, euskaraz ez ezik, modu osasuntsuan hezteko helburua izan beharko genuke. Horretarako, hobeto ulertu beharko genuke eremu digitalean diharduten eragileen interesak eta eraginak etorkizuneko belaunaldietan. Beharbada, aniztasun teknologikoaren ideia modu kontzienteagoan landu behar dugu, hau da, orain arteko euskalgintza digitalari beste dinamika batzuk gehitu behar dizkiogu: dugun eredu digitala zalantzan jartzen jarraitu, nahi dugun gizarte eredura egokituko den eremu digital euskalduna sortuz. Uzta on baterako, baratzeko sasiak kentzea bezala, eremu digitalean etengabeko hausnarketa kritikoa beharrezkoa da. Kosta egiten zaigu, oraindik ez baitakigu ondo bereizten zein den digitalizazio osasuntsua eta zein parasitarioa, zeinek laguntzen gaituen bizitza on baten bidean eta zeinek ez. Zentzu horretan, berri interesgarri bat partekatu dute Hezkuntzan Librezale Telegram taldeko partaideek: Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ikastetxe askotan erabiltzen den Google Workspace baliabideak DBEO (Datuen Babeserako Erreglamentu Orokorrak) urratu dezakeela ohartarazten duen ebazpena (2023an egin zen salaketa baten harira). Ebazpen horren arabera, Hezkuntza Sailak ez zituen inpaktu ebaluazioak egin datuen tratamenduaren inguruan, beharrezko kasu hauetan: datuak eskala handitan erabiltzen direnean, bazterkeria arriskuan egon daitezkeen pertsonen kasuan, 14 urte baino gutxiagokoen kasuan, datuak jasotzeko modu berriak sortzeko teknologia ezberdinak nahastean. Horrelako ebazpenak denontzako onuragarriagoa izango den hezkuntza eta euskalgintza digital kritiko baterako aurrerapausoak dira, eta ezagutza sortzen eta bide berriak eraikitzen laguntzen dute.