Asteburu euritsu honetan gaztarotik gordeta izan ditudan CD, disko gogor eta USB memoriak hartu eta barruak ikusten aritu naiz; gauza ugari aurkitu dut bertan: inoiz argia ikusi ez duten proiektuak, argazki zaharrak, testuak, antzinako programa piloa… Azken 20 urteetan euskarritik euskarrira igarotzen joan direnak, memoria mugagabea bailitzan. Bizitza osoa dokumentatzen, baina prozesu horretaz kontziente izan barik. Bitartean, zabor elektroniko ugari sortu dut. Ibilbide honetan, memoria digitala munstro bilakatu zait, begiratu ere nahi ez nuena, eta munstroa kudeatzeko behar zen indarra aurkitzea urteak kostatu zait. Lana hasita, erabaki behar non gorde norberaren memoria? Norbere gailuetan ala besteren baten gailuan (hodeia)? Erabakia hartzeko aldagaiak asko dira: segurtasuna, pribatutasuna, kostu ekonomikoa, kostu ekologikoa, kudeatzeko erraztasunak… Momentuz, antzina argazki-albumekin bezala, nire memoria etxeko ordenagailu zahar batean izatea erabaki dut, aukera hori baitut. Gazte migratzaileekin lanean aritu nintzenean ohartu nintzen nire aukerak eurentzako ezinezkoak zirela, bizitzeko leku finko bat ez dutenek ezin dituzte sistema propioak sortu, euren aukera publizitate enpresen doako hodeiak izaten dira, euren agiri garrantzitsuenen kopia bat nonbait eskuragarri izateko. Bizitzeko aukeren gabezian, bizitzak instituzionalizatzen dira, eta instituzionalizaturiko bizitzetan pribatutasunaren aukera desagertu egiten da, zelataritza etengabe baten baitan bizitzera ohituta. Memoriaren munstro honi aurre egiteko teknologia zaharrak erabiltzen ari dira zenbait euskal gazte, argazkien kasuan: karrete kamera. Nahi izanez gero, sistema digital propioak eraiki ahal izango lituzkete, baina badirudi gutxiago izatearen bila daudela: konplexutasun gutxiago, kudeatzeko gutxiago, eduki gutxiago.
Momentuz, ditudan “hilotz elektroniko” hauekin zer egin pentsatzen nabil; USB memoriak eta disko gogorrak berrerabil ditzaket, baina CDak baratzean txoriak usatzeko erabilgarri izango dira soilik.