baratza digitala

Materialtasunaz

“Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona” (Mikel Laboa, Izarren hautsa). Ni hazi nintzen garaian eta herrian, orokorrean, gurasoek eta irakasleek haur eta gazteek izan behar zituzten bizitza ibilbideen inguruan ideia nahiko zehatza zuten. Bizitza on bat izateko lerro zuzen bat jarraitu zitekeen ilusioz bizi ginen. Bizitza on bat izateko, garai hartan, ez zen asko behar, espektatibak oso xumeak ziren. Egungo guraso eta irakasleentzako ortzi-muga ez da hain gardena, arrakasta izateko haur eta gazteek behar dutena gehiago da, egonkortasunaren ilusioa desegin da eta mundu zorrotz, konplexu eta aldakor baten baitan bizi eta hazi behar ditugu haur eta gazteak.

Horiek dira, besteak beste, gobernuek hezkuntza sistemetan STEAM metodologia sustatzeko apustuaren arrazoi. Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika ezagutzak metodologia aktiboen bitartez hezkuntza sistemetan txertatuz, nolabait, hezkuntza espazioa errealitatearen laborategi bilakatzea da helburua. Akronimo hori 2012an entzun nuen lehen aldiz, Bilboko Summer of Labs topaketan Paola Guimerans artistaren ahotan, garai hartan Amerikako Estatu Batuetan hezkuntza eta teknologiaren inguruan proiektu eta ikasketetan zegoena. Handik hona asko aldatu da mundua, eta STEAM metodologiak indarra hartu du, baina nora garamatza? Nire ustetan, esplorazio etapa batean gaude oraindik, eta ez dugu oso argi nora eramango gaituen, hau da, zein eraldaketa ekarriko dituen hezkuntza sisteman, eta zein onura haur eta gazteen etorkizunetan. Materialtasun berrien beharra eskatuko du STEAM metodologiak: espazioak, ezagutzak, tresnak, gaitasunak, harremanak…  Behin horiek izanda, zelan eta zertarako erabiliko dugu STEAM metodologia? Haur eta gazteak mundu aldakor eta konplexu honetara egokituko diren piezak bilakatzeko? Ala haur eta gazteei munduari forma emateko baliabideak eskaintzeko?

Iruzkin bat utzi

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.