baratza digitala

Nora begiratu?

Incel, cyberbullying, sexting, catfishing, ciberbating, doxxing, gaslighting, grooming, sextorisioa… Azkenaldian, gizakion jokabide ezkor guztiak eremu digitalean “tag-eatuak” izaten ari dira, badirudi eremu fisikoan genituen adierazpenek ez dutela balio errealitate digitala azaltzeko, edota gauza bera esateko terminologia aldatu behar dela tresna aldatu egin delako eta bortizkeria eragiteko moduak tresnekin ere eraldatu egin direlako, nahiz eta azken finean atzetik bortizkeriaren izaera bera dugun. Gainera, terminologia bera oso kolonialista da, eta askotan gaurkotasun grinak konkistatuta geureganatzen dugu –aitortzen dut nik neuk sarri erabiltzen dudala terminologia hau–.

Hitz hauek guztiak gizakion arteko harreman digitaletan egon daitezkeen bortizkeria harremanen inguruan aritzen direnez, profesional askok azaltzen dizkigute, errealitate honen kontzientzia har dezagun. Euskaraz “izena duena da” adierazpena dugu, beharbada ideia horrekin ulergarriago zaizkigu dugun errealitate digitala, askotan ukiezina, eta bere ondorioak. Baina bide honek despitatu gaitzakeela uste dut, gure begirada behar ez den lekura eroaten. Beharbada, betiko arazo bati buelta larregi ematen ari gatzaizkio, eta arazoa konpontzeko modua ahazten, edo alde batera uzten, denok pantailari begira gauden bitartean, hurrengo jokabide bortitza definituko duen hitzaren zain.

Jakin badakigu arazoa gizakion naturaren baitan dagoela, horregatik, ez dezagun begirada galdu, terminologia gure buruetan metatuz, eta balioen hezkuntza ahaztuz. Dagoena azaldu beharrean, sor ditzagun bortizkeriari aurre egiteko bideak. Bortizkeria bere espresio guztietan borrokatzeak gizarte batek bere baitan dituen balioetan du oinarria, hortik hasita gizarte horrek sortuko dituen harreman dinamiketan, teknologietan eta horien erabileran ikusiko baitira balio horiek islatuta.

Iruzkin bat utzi

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.