Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen harremana aztertuta, bi mota daudela uste dut, elektronikarekin analogia eginez: eragileak (aldaketak sortzeko baliagarriak diren teknologiak) eta sentsoreak (ingurutik informazioa hartzen duten teknologiak). Bitartean, burmuinak, informazio eta esperientziatik (memoria) abiatuta, erabakitzea eta ondorioz eragitea baimentzen du.
Ohartu naiz badela gailuen garapen lerro bat ingelesez wearables deitzen dena, euskarara itzulita eramangarriak. Eramangarri hauen helburua batez ere da gure gorputzeko “sentsoreak” eraginkorragoak egitea, gorputzeko informazioa jaso, kanpo burmuin batean prozesatu (aplikazioen jabearena) eta erabakiak hartzeko modu iradokitzailean informazioa bueltatzea.
Badirudi Apple bide hori urratzen ari dela eta eraztun bat diseinatu duela, zure konstante guztiak jaso, zure eskuen kokapenaren memoria garatu eta horiei lotuta informazio baliagarria eskaintzen dizuna. Beharbada gaixo dagoen jendearentzat edota ezintasun batekin bizi denarentzat baliabide interesgarria da. Baina garapen hauek ez dira sortzen gutxi batzuei saltzeko, merkatua behar dute.
Horregatik, eramangarriak bizitza osasuntsu baten beharrarekin lotzen dira, ez gaixotasunarekin. Beharbada oso ona eta osasuntsua da denbora guztian jakitea zentzuk diren zure taupadak, zenbat ibili zaren, zein den zure tenperatura… baina beharbada, gaixo baten antzera gure gorputza denbora guztian neurtzeak ez al gaitu ustezko gaixotasun baten bila jartzen, denbora guztian? Gure gorputzarekiko halako beldurrez jokatu beharrean, gizarte hipokondriako bat sortu beharrean, beharbada arreta handiagoz entzun beharko genuke gure gorputzaren memoria, gailu baten esku jarri beharrean.