baratza digitala

Gortina ixten

Segurtasun eta pribatutasunaren ideiak azaltzeko pertsona nagusiekin ondo datozkidan analogia bi atea eta gortina dira. Atea giltzaz ixtea segurtasunarekin lotzen dut, etxea den edukiontzian inor ez sartzeko moduarekin. Gortina ixtearena pribatutasunarekin lotu ohi dut, gortina itxita inork ez dezan zure etxean gertatzen dena zelatatu. Mugikorrak mundura zabaldutako leihoak bailiran saldu dizkigute, baina, hori gezurra ez bada ere, gure bizimoduak aztertzeko gailu bilakatu dira. Zelataritzaren negozioa bultzatzeko pribatutasunaren beharra ezabatu nahi da gure mundu ikuskeratik, egiten dugun oro kontrolpean izateko (zer jan, norekin harremandu, zer pentsatu, zer egin…) aplikazio bidez kudeatzeko beharra eta balioa sortuta. Informazioa jasotzeko iturria aldatu da (gailuak), baina helburuak berdina izaten jarraitzen du: pertsonen buruetan zenbait produktu, zerbitzu edota ideia kontsumituagoak izateko abantailak sortu.

Horregatik, mugikorrek ekartzen dizkiguten onurak baliatu eta mehatxuak murrizteko bidean segurtasuna eta pribatutasuna handitzea oso gomendagarria da. Lan hau, ordea, gero eta zailagoa da, gure gailu sofistikatuek kanpo informazioa jasotzeko dituzten sentsore ugariengatik: giroskopioa (gauden lekua kokatzeko), argi sentsorea, mikrofonoa, kamera, hatz-aztarnen sentsorea, magnetometroa (iparrorratza), barometroa, infragorrien sentsorea (bero iturriak, adibidez gorputzenak, kokatzeko), bihotz-maiztasunaren sentsorea… Erabiltzen ditugun aplikazioak sentsore horietako batzuk behar izaten dituzte euren egitekoaren arabera funtzionatzeko. Ditugun aplikazioak tresnak badira, sentsore hauek hartzen duten informazioa gure mugikorretan geratuko da, ditugun aplikazioak zerbitzuak badira hirugarren batek jasoko du informazio hori.

Zelan kudeatu mugikorrean pribatutasuna orduan? Ez da erantzun bakarreko galdera, bakoitzaren beharrak aztertu behar baitira. Hasteko, ondo erabaki benetan behar dituzun zerbitzuak, behar ez dituzunak kendu, eta geratzen diren aplikazioetan, horiek zure zentsoreetara dituzten baimenak kudeatuz has zaitezke.

Iruzkin bat utzi

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.