Txertaketa landare baten zatia beste landare bati lotzea da. Espezie berriak sortzeko modu artifiziala. Horrela, bi espezieak organismo bakarra bailiran hasiko dira. Badirudi preziatzen ditugula nahasketa hauek gizakiok, batzuetan egoera konplexutan landareei hazteko aukera ematen dielako, edota aniztasun aukerak sortzen dituztelako.
Gizakiok landareak bezala gure emaitza onenak emateko giro egokia behar dugu, bakoitzaren gaitasunetara egokiturikoa. Baina ez da lan erraza, eta horregatik, antzinatik gizakientzako giro onena sortzea ez ezik, gizakiok bizi dugun girora egokitzeko lanak egin izan ditugu.
Egokitzeak, berez, ez du zertan konnotazio txarrik izan, erabaki hausnartua bada, bilatzen den aldaketa bada, ikasketa batetik datorren aldaketa bada eta bizitzarako onurak badakartza.
Egun hauetan badirudi Elon Musken Neural Link proiektua gizakietan probatzen hasi direla, baina ez da bakarra, Txina txip neuronalak garatzen dabil baita ere.
Teknologiak garatzerakoan, gizarte eta munduan duten eragina pentsatzeko komenigarria da horiekin batera etorriko diren negozio ereduez hausnartzea. Ikasi dugu, adibidez, GAFAM (Google, Amazon, Facebook, Appple, Microsoft) plataformen negozio ereduak gizarteetan izaten ari diren eragin kaltegarriak.
Beharbada, txip hauek interesgarriak izango dira zenbait gizaki eta animaliaren aukerak areagotzeko. Itsuentzat mundua zabaltzeko, adibidez, irisgarritasuna handiagoko teknologia izan daiteke. Espezieen arteko harremanak eraldatu ditzake baita ere. Baina nik ez dut presarik negozioak gidatuta teknologia sortzen duten enpresen txertoak nire buruan jartzeko. Egun, nahikoa dut digitalarekiko dudan mendekotasuna murrizteko. Txerto hauek gizakion gizarteak menderatzeko azken eremuak dira: asmoa, eta horrekin gorputza, bideak bezala hautematen ditut nik. Ikusteko dago zer gertatuko den eta txerto hauek ekarriko duten mundua, txertoa jartzen ez dutenentzat egokitzeko aukera izango ote den.