Badirudi adimen artifiziala erabiltzea beharrezko ongarria bilakatzen ari dela erakundeen lehiakortasunerako. Badirudi, ikertzen, alderatzen, sortzen denbora erabiltzeak, eta horrekin ezagutza esperientziaren prozesuaren bitartez geureganatzeak (gizakion ekonomietan lehengai nagusia dena) lanordutan ekartzen duen kostua oso handia dela eta berrikusi behar dela. Zertarako eman orduak proiektu baterako kalkulu-orria diseinatzen, adimen artifizial generatibo batek segundotan eman badiezazuke erantzuna? Zertarako egin argazki bat artikulu baterako? Zertarako galdu denbora proiektu baten lanketan dirulaguntza bat lortzeko?… Ez ote da nahikoa ideia izatea? Zelan kendu erditik ikerketa eta garapena?
Bai nire inguruan, bai sektore ezberdinetan badaude erakunde ugari teknologia hauek berenganatzen, emaitza azkarrak eta kostuen murrizketarako aukerak ekarriko dizkietelakoan.
Sistema horren baitan denok harrapatuta geratzen bagara, denok arazo berak konpontzeko galdera berak egiten baditugu, errealitateko esperientziatik ikasi ordez adimen artifizialari galdetu beste egiteko modurik praktikatzen ez badugu, ez al dira adimen artifizial horiek gero eta gauza berri gutxiago sortzeko gai izango? Ez al gara bukle bat sortzen ariko? Ez al dugu gure gizartea lautuko? Txirotuko? Marmotaren eguna bezala errepikatzen diren proiektuak sortuko ote ditugu?
Baina, beharbada, gutxiesten nabil teknologia hau, beharbada galdera onak izan daitezke adimen artifizialetan ideia berriak sartzeko modua, beharbada datu-baseen parte bilakatuko dira noizbait galderak, eta horrekin aniztasun eta konplexutasun handiagoko adimenak bilakatuko dira. Beste gauza bat izango da, horrelako sistemen baitan lan egiteak gure izateari zentzu handiagoa ekarriko ote dion.
Ekonomian oinarri hain handia duten gizakion gizarteotan, antzera gabiltzala dirudi, ongarria kasu honetan teknologiak izango lirateke, horrela pertsonen gaitasunak ontzeko; pertsonek ekoizpen ahalmen handiagoa izan dezaten teknologiak sortzen ditugu. Lehen, pertsona askoren lana zena, teknologiaren ongarriari esker, bakar batzuena bilakatu da. Baina lurraren ontzeak mugak ditu, eta gaur egun, lurra indartzeko eta uzta osasuntsu bat lortzeko ongarria gehitu beharrean, naturan berez aberatsak diren lurrak aztertzen hasi gara. Errizoma (sustraien sare) indartsua duten lurrek bizitza bultzatzeko aukerak handitzen dituztela ulertzen ari gara. Gizakion kasuan, bada gure gaitasunak teknologien bidez ontzeko mugarik? Zelan eragin diezaioke gure osasunari muga hori gainditzeak? Norentzat izango dira teknologiaz ondutako gizakion emankortasunaren emaitzak? Agortzen ote da gizakion sorkuntza jarioa, hainbeste aukera eskaintzen dizkiguten teknologiak modu intentsiboan elikatuz? Onduak izango ez diren gizakiek, arrakala egoeran geratuko direnek, bizitza onak izateko aukerak sortzeko gaitasuna izango ote dute?